TXONKI HONTZA

Kaixo, laguntxoak, Txonki hontza naiz eta nire zuhaitzaren adar sendo batean nago Luyarekin. Luya beste hontz bat da eta... maiteminduta gaude. Ilargia ere maiteminduta dago. Eguzkia da bere maitea, baina ez dute elkar asko ikusten. Batzuetan ilargiak ezin gehiago eta... eguzkiarengana abiatzen da egunez. Bere aurrean jarri, besarkatu eta isil-isilean egoten dira biak. Orduan, bat-batean, den-dena iluntzen da. Eta gehiago esango dizuet, ni eguzki-eklipse bati esker nago hemen, goxo-goxo, gauez, Luyarekin.Luya eta biok ilargia bezala, gauez ibiltzen gara, ehizean, jolasean eta kantari... zuek lo zaudeten bitartean. Baina, nire kasuan, ez da horrela izan beti.


Gau haizetsu batean jaio nintzen ni, gau ekaiztsua izan zen hura, nire amatxok maitasunez egindako habi polit batean nengoen, arrautza zuri eta bero baten barruan eta bat-batean "ZIUPPPP", haize-kolpe batek zuhaitzaren adarra hautsi zuen eta beheraino izugarrizko abiaduran erori nintzen. A ze zorabioa! Bueltaka eta biraka, eta "PLAUSTA", lasto-mordo baten gainera erori nintzen eta "KRAXXX" arrautza-oskola hautsi egin zen. Nire begitxoak ireki nituenean oilategi batean nengoela konturatu nintzen eta nire inguruan aurpegi iletsu eta arraro asko nituen:


OILARRA:-Nondik erori da?-Esan zuen Bertok, begi bakarra zuen oilarrak.ASTOA:-Gaixoa, A ze kolpea hartu duen!-Zioen Koxmek, lotsati xamarra zirudien astoak.KATUA:-Ez dut sekula horrelako txoriburu handirik ikusi!-Eskerrak Mitxintxo katuari arraro samarra iruditu nintzaiola, bestela jan egin behar ninduela kontatu zidan gero.


Eta horrela, nik ezer egin gabe, nire etorkizuna zeharo aldatu zen.

Oilategi hartan goizean goiz esnatzen ziren denak. Bertok begia ireki eta "Kukurruku" egiten zuenean, hantxe jartzen ziren denak martxan.

ASTOA:-Zatoz gurekin, txiki, kanpora. Oraintxe etorriko da gure nagusia gosaria ematera. Zatoz, txiki!

OILOA:-Hobe luke gurekin ibiltzea. Izan ere, lumaduna da eta zuk jaten dituzun arbiak bera baino handiagoak dira!


Eta hantxe abiatzen nintzen ni beste oilo guztien artean baserritarrak ematen zizkigun arto-aleen bila. Baina, ez dakit zergatik , nik ez nituen arto aleak ikusten, lurrera begira eta begira aritzen nintzen, baina ez nuen tutik ere ikusten. Eta egun bat, eta bestea eta hurrengoa ere pasa ziren tripa-zorriak nituela. Ez nuen arto-alerik harrapatzen.Oilategitik atera eta... NIK EZ NUEN TUTIK ERE IKUSTEN!


Batzuetan, Mitxintxo nitaz errukitzen zen eta esne-zopak eskaintzen zizkidan .KATUA: - Jan ezazu pixka bat, Txonki, bestela... ez duzu negua gaindituko, Benetan argala zaude eta...! - Esne-zopa haiei esker ezagutu nuen udaberria eta bere usain gozoak.


Udaberri hartan Koxme astoak esan zidan:ASTOA:-Zergatik ez zara nirekin zelaira etortzen? Utz itzazu oilo hauek eta...eta goazen biok paseo txiki bat ematera.


Bere bizkar gainean jarri nintzen eta hara abiatu ginen biok, oilategiaren ondoan zegoen belardi batera. Usain gozoa zuen belarrak, bai, eta loreek eta dena... Baina, baina ... Bat-batean, arratoitzar bat pasa zen gure aurretik eta Koxme beldurtia korrika hasi zen, nire gorpuztxoa orekan mantendu ezinean erori nintzen lurrera, DANBA! eta hiru egun eman nituen oilategira itzultzeko, ai!.... ez bainuen ezer ere ikusten


Ailegatu nintzenean, lagunei kontatu nien nire arazoa, oilategitik atera eta... NIK EZ NUELA TUTIK ERE IKUSTEN!

Orduan, Bertok (oilarrak):-Banioen nik, txikitan hartutako kolpea oso handia izan zen eta... eta agian...Eta Mitxintxok (katuak):- Nire lehengusu batek ere arazo berbera zuen eta Parisera eraman zuten... MIAU! albaitari ospetsu batengana, baina, baina ez dakit zer gertatu zen gero.ASTOAK:-Ez arduratu, aurrerantzean nik eramango zaitut gainean eta saiatuko naiz poliki joaten.-Gaineratu zuen Koxmek.


Ai ene! Ez nuen nik irtenbide onik ikusten, harik eta udako goiz batean...


Bero handiko eguna zen, eguzkia goi-goian zegoen eta baserriko putzuan genbiltzan jolasean, "PLISTI-PLASTA" bata bestea bustitzen eta ni Koxmeren bizkar gainean, beti bezala. Derrepente eta inork abisatu gabe, zerua ilundu egin zen. Geroz eta ilunago, zerura begiratu eta eguzkia txikiagotzen ari zen, desagertzen, geroz eta ilunago eta ilunago... harik eta baserri inguru guztia beltz-beltz gelditu zen arte. EGUZKI-EKLIPSE BAT ZEN!

ASTOAK: -Hau beldurra! Ez dut ezertxo ere ikusten. Non zaudete?
MITXINTXOK:-Miau, hau hotza! Koxme. Koxme, goazen ukuilura!
OILARRAK:- Mitxintxo, Txonki, non zaudete? Ez da tutik ere ikusten!

Hasi ziren abere guztiak alde batera eta bestera ukuilua aurkitu nahian, erabat aztoratuta.

Eta momentu hori izan zen nire bizitzako momenturik ederrena: nik, Txonki hontzak, oilategitik kanpo ezer ere ikusten ez zuen hontzak. Ondo baino hobeto ikusten nituen loreak, belarra, lurrean zeuden arto-aleak, eta nire lagunak, alde batetik bestera. Gauez den-dena ikusten nuen! Eta nire lagunak ukuilura bideratu nituen.


Egun hartatik aurrera gauez ibiltzen naiz, basoan. Hontza naiz, Txonki hontza, hontz eder bat.
Eta oso pozik bizi naiz.

ALBAITARI Veterinario/a.
ARBI Nabo.
ARRATOITZAR Rata enorme.
ARTO-ALE Grano de maíz.
BELARDI Hierbal.
BESARKATU Abrazar.
EHIZEAN Cazando.
EKAIZTSUA Tormentoso/a
ERRUKITU Apiadarse, compadecer(se).
HABI Nido.
HAIZETSU Ventoso/a.
HONTZ Búho.
ILETSU Peludo/a.
LASTO Paja.
LUMADUN Plumoso/a, que tiene plumas.
OILATEGI Gallinero.
OREKA Equilibrio.
OSKOL Cáscara.
SENDO Fuerte.
TRIPA-ZORRI Hambre.
UKUILU Cuadra.